Skip to content

Krisia Eusko Ikaskuntzan

Krisi egoera sortu da Eusko Ikaskuntzan. Kontseilu errektoreak marka eta egoitza erabiltzeko baimena ukatu dizkio Ipar Euskal Herriko egiturari azken hilabeteetan izan dituzten «gorabeherak» argitu bitartean. Elkarteak bere jardunean erakutsi duen «noraeza» eta horrek sortu duen «ondoezak» bazkideen eta erakunde publikoen aurrean elkartea «kinka larrian» utzi dutela ebatzi dute Ana Urkiza lehendakariak eta Iñaki Zabaleta idazkari nagusiak izenpetu duten dokumentuan. «Egoera honek Eusko Ikaskuntzaren erakunde irudia serioski kaltetu du eta, irudiarekin batera, Eusko Ikaskuntzak dituen balio preziatuenak: bazkideen konfiantza, erakundearen sinesgarritasuna eta gizartearengandik 106 urtez jaso duen zilegitasuna», idatzi dute. Bi egituren artean elkarlanerako hitzarmen berri bat adostea beharrezkotzat jo dute, eta horretarako bilerak antolatuko dituztela erran dute.

Elkarte egitura du Eusko Ikaskuntzak Ipar Euskal Herrian, eta gobernantza arloko arazo larriak agertu dira azkenaldian. Claude Mehats lehendakariaren kudeaketa zalantzan jarri du administrazio kontseiluaren zati batek, eta elkarteak Baionan duen langileari «jazarpena» egitea leporatu diote. Nahasmena erabatekoa da. Hilabeteetan zehar izandako tentsioen ondotik, urtarril bukaeran ezohiko administrazio kontseilu bat deitu zuten, eta Mehats kargutik kentzea erabaki zuten. Virgil Joseph-Alexandre da orain elkarteko lehendakaria. Larunbat goiz honetan ezohiko biltzar nagusia egiten ari dira, eta zuzendaritza berri bat bozkatzekoa dute. Baina bi ekintza horien balio legala ukatu du Mehatsek azken asteetan, eta bere aldetik beste bilkura bat deituko duela iragarri du, «egoera esplikatzeko». 

Eusko Ikaskuntzak agiria bidali du larunbat goiz honetan Iparraldeko egituraren ez ohiko biltzar nagusiaren berri emateko. Mehats dute Iparraldeko egiturako lehendakari legitimo gisa, eta deitoratu dute haren kargugabetzea administrazio kontseiluaren erdiak baizik erabaki zuela. «[Eusko Ikaskuntzak] Egoera bideratu eta argitu nahian aholkularitza juridikoa eskatu du azken asteotan. Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren funtzionamenduaren inguruan irregulartasunak antzeman ditu eta, egiaztatu ahal izan du, halaber, Baionako egoitzaren erabilera ez egokia», adierazi dute. «Eusko Ikaskuntza urrats guztien jarraipen estua egiten dabil, egoera lehenbailehen bideratu asmoz. Hala ere, Euskal Herriko lurralde guztietan lan egiteko misioari leial jarraitzen du eta gaur egun martxan dituen mugaz gaindiko proiektuek ez dute eraginik izango».

Artikulu hau publikatzerako, BERRIAk ez du  Mehatsen ihardukitzerik lortu.

Sarraila aldaketa

Zertan da egoera. Berehalakoan, legitimitate gatazka eta legezko arazoa sortzen ditu egoerak. Izan ere, Eusko Ikaskuntzaren izenarekin eta logoarekin erregistratua da elkartea Pirinio Atlantikoetako prefeturan; ofizialki, Joseph-Alexandre da orain lehendakaria. Larunbat goiz honetako biltzar nagusiaren ondotik, zuzendaritza kolegial batek bete beharko luke kargua.

Baionako egoitzaren jabea hegoaldeko egitura da, baina iparraldeko elkarteak bertan du helbide legala, eta haren izenean ordaintzen dituzte ohiko gastuak. Ostiral goiz honetan elkarteko langilea Errobi bazterreko bulegora iritsi denean, sarraila aldatua aurkitu du. Momentu berean, Mehatsen mezu elektroniko bat jaso du, abisatzeko egoitza ez zegoela erabilgarri, eta telelanean aritu beharko zuela. Ondorioz, Joseph-Alexandrek sarrailagile bati dei egin dio; baina bulegora sartu direnean langilearen laneko ordenagailua falta zirela ohartu dira. Egiteko molde horien legezkotasuna zalantzan jarri dute.

Eusko Ikaskuntzak bere aldetik sarraila apurtu eta egoitzara sartzea leporatu dio langileari. «Eusko Ikaskuntzak salaketa jarri du gertaera honen aurrean, eta egoera argitzeko behar diren legezko bideak hartuko ditu», adierazi dute agirian. 

BERRIAri egindako adierazpenetan, Joseph-Alexandrek ez du ontzat eman «Hegoaldetik» jasotako erabakia. Honela idatzi die bazkideei helarazitako gutun batean: «Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko lankidetza ezin da xantaian edo indar harremanetan oinarritu. Elkarrenganako errespetuan eta gure berezitasunen aitorpenean oinarritu behar du». Ezohiko biltzar nagusiaren bidez zuzendaritza kolegial bat antolatzeko asmoa defendatu du. «Helburua da bazkideei boterea itzultzea, kudeaketan gardetasun gehiago ematea, langilea babestea eta erakundea salbatzea». Hegoaldeko egiturarekin harremana berritzea izanen da ondoko lana. 

Hilabeteetako gatazka

2023ko ekainean hautatu zuten Mehats Ipar Euskal Herriko Eusko Ikaskuntzako lehendakari. Gobernantza arloko gorabehera batzuk gertatuak ziren jadanik, eta bestelako kudeaketa bat eramateko borondatearekin hartu zuen kargua. Ez da hala izan Joseph-Alexandren hitzetan. Administrazio kontseiluan izandako «disfuntzionamenduak» zerrendatu ditu: «joan den abuztutik ez du bilerarik deitu, eta hainbat erabaki berak bakarrik hartu ditu, botere guziak bereganatuz». Aipatu ditu, besteak beste, material informatikoaren erosketa, eta alternantzian ari den ikasle baten kontratazioa, biak ala biak «administrazio kontseilua abisatu gabe». Egoera horretaz gogaiturik, elkarteko diruzainak dimisioa eman zuen iazko irailean. 

Baina langilearen kudeaketan eman du azpimarra Joseph-Alexandrek. Bere hitzetan, lehendakariak ez zituen bere ardurak betetzen, eta langilearen esku zegoen kudeaketa guzia: elkartearen animazioa, finantzamenduak bilatzea, sari banaketen antolaketa, hautetsiekin harremana, erakundearen ordezkaritza, kontabilitatea. Horrez gain, Mehatsek langileari «etengabeko presioa» egiten ziola erran du, «justifikaziorik gabe», haren lana «satisfagarria» baitzen. «Behin baino gehiagotan hartu behar izan ditu lan geldialdiak, larritasun psikologiko handian ikusi dugu, jazarpen morala izateko arriskua ikusi dugu», esplikatu du. Urkiza egoera horren jakitun dela baieztatu du. 

Udazkenean, Ipar Euskal Herriko egiturari ematen dion finantzamendua behin-behinean moztea erabaki zuen Eusko Ikaskuntzak. Erabaki hori Mehatsek babestu eta sustatu zuela uste dute hura kargutik kendu zutenek. Azarotik ez dute hegoaldeko zuzendaritzarekin harremanik izan. Gaurko biltzar nagusitik aitzina egoerari konponbidea emateko bidea aurkitzea espero dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.