Bordeleko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman dio Euskal Hirigune Elkargoari, eta Frantziako Estatua zigortu du Ipar Euskal Herriko erakundeari 836.740 euro ordaintzera. Baionan kokatua den migranteentzako Pausa zentroaren kudeaketari lotua da epaia. Auzitegiak ebatzi du zentroa irekitzean estatuak utzitako hutsunea bete behar izan zuela elkargoak. Estatu Kontseiluan helegitea emateko aukera dauka Frantziak, baina epaia betetzera behartua da bizkitartean.
2018an ireki zuten Pausa zentroa, pasaian ziren migranteei harrera egiteko. Izan ere, Italiako muga itxi zuten garai hartan, eta anitz emendatu zen Espainiako estatua zeharkatu ondotik Lapurdiko hiriburura heltzen ziren Afrikako migranteen kopurua. Sare militantea arduratu zen harrera egiteaz lehenik; horrela sortu zuten Etorkinekin Diakite elkartea. Hainbat ekintza egin zituzten migranteen harreran erakundeen inplikazioa eskatzeko, hala nola, Baionako herriko etxe aitzinean kanpaldia. Azkenerako Pausa zentroaren irekiera iragarri zuen Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak.
Hasieran, Etorkinekin Diakite elkartea, Atherbea elkartea eta elkargoaren artean jardun zuten, baina desadostasunak agertu ziren kudeaketari buruz, eta 2019tik aitzin elkargoak bere gain hartu zuen kudeaketa osoa. Lehenengo urtean 9.000 pertsonari egin zieten ardura.
Bordeleko Administrazio Auzitegiak hartu duen erabakiak adierazi du Frantziako Estatuaren eskumena dela etxegabeen urgentziazko harrera egitea. 2019an urgentziazko 300 aterpe zeuden denera Pirinio Atlantikoetako departamentuan. Ez da «nahikoa», eta beraz, zilegi zen elkargoak ardura bere gain hartzea. Orduan aurreratutako gastuei dagokie Frantziak Euskal Hirigune Elkargoari ordaindu beharko dion diru zama; 2019ko aurrekontuarena zehazki. Erabaki baikor honek bidea eman lezake administrazio auzitegian helegitea aurkeztu eta ondoko urteetako gastuak ere ordain ditzatela eskatzeko.
Euskal Hirigune Elkargoak ez du erabakiari buruzko baloraziorik egin gaur-gaurkoz.