«Elkarrekin, urrunago joateko». Horrela laburbildu du Jean François Irigoien Donibane Lohizune (Lapurdi) auzapezak euskara sustatzeko Hego Lapurdiko lau herrik abiatu duten elkarlana. Hendaia, Urruña, eta Ziburuko herriko etxeekin batera, sentsibilizazio hamabostaldia antolatu dute martxoaren 15etik 30era. Askotariko hitzaldi, tailer, formazio eta ikuskizunak eginen dituzte, nagusiki gurasoei bideratuak, baina publiko zabalari irekiak. «Euskarari begira ditugun atxikimendua eta borondate azkarra erakutsi nahi ditugu», adierazi du Filipe Aramendi Urruñako auzapezak. «Izan euskaldun, ikasten ari edo kurios, izan bertakoa ala iritsi berria, euskara elkarbizitzarako gomita da».
Euskara, etorkizunerako hautua, urratsez urrats haurrekin bide egiten leloa eman diote Plazara elkartearekin batera antolatu duten egitarau bereziari. Hamabost egunez, hamar hitzordu inguru izanen dira. Tailerrak lehenik: gurasoentzako euskara deskubrimendu tailerra, eta seme-alabak euskaraz irakurtzen laguntzekoa. Baina baita ospe handiko adituen hitzaldiak ere. Hizkuntza gutxituen aldeko ekintzaile eta l’Express astekariko erredaktoreburu Michel Feltin Palasek Zertarako balio du euskaraz mintzatzeak? galderari erantzunen dio martxoaren 19an. Kike Amonarrizek, aldiz, haurrek hizkuntzak nola ikasten dituzten landuko du martxoaren 20an, Gurasoak haurren eredu eta euskararen sustatzaile deitu duten hitzaldian.
Gurasoei begira arituko dira Xan Aire eta Elorri Garat ere, martxoaren 25ean, batek baino gehiagok egin izan duen alarma oihua abiapuntu gisa hartuta: Lagundu! Gure haurra nerabea da (eta ez da gehiago euskaraz ari). Martxoaren 28an gurasoen hizkuntza jarrerez arituko da Paula Kasares: Zuek duzue giltza. Haurren hizkuntza portaeretan eragiteko bideak. Aitzitik, Philippe Blanchetek ere hitzaldia emanen du martxoaren 27an, euskararen gisako hizkuntzak transmititzeko arrazoiak emanez.
Gurashow taldearen kontzertuak eta Matahami liburu elebidunaren irakurketak osatuko dute egitaraua.
Hizkuntza politikan batera
Herrien artean elkarlanean aritzeko duten ohitura azpimarratu du Eneko Aldana Ziburuko auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko Hego Lapurdi eremuko erreferenteak. «Bakoitzak badu euskararen aldeko bere politika, baina zeharkako gaia izanki, garrantzitsua da elkarrekin sentsibilizazio lana egitea». Hezkuntza arloan azken urteetan datuak hobetu badira ere, inkesta soziolinguistikoek euskaldun proportzioaren apaltze bat erakusten dutela deitoratu du. «Urratsak eginak izan dira, baina erakundeek badugu zeregina». Hamabostaldia bide horretan «ekarpen txiki bat» dela erran du.
Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika bat abiatzen lehenetarik izan zen Hendaiako Herriko Etxea, duela 25 urte inguru. «Garaian zaila zen, baina gaur egun bada kontsentsu bat», adierazi du Kotte Ezenarro auzapezak. Donibane Lohizunek martxo hondarrerako bozkatu beharra du euskara plana. «Badugu borondate komun bat euskararen irakaskuntzan eta sozializazioan lan egiteko», adierazi du Irigoienek. «Euskarak lokarriak sortzen ditu».
Aramendiren hitzetan, haien «ardura» da «euskara sustatzea eta garatzea, biziberritzean eragitea». Herri bakoitzean egoera ezberdinak izanik ere «euskarak batzen» dituela erran du. «Eskuz esku ari diren herrien irudia» goraipatu du.