Skip to content

Euskal Elkargoak finantza «sanoak» ditu, eta inbertsioak lehenetsiko ditu

2025erako ez du zerga emendatzerik eginen Euskal Hirigune Elkargoak. Ziurgabetasun egoera batean izanik ere, erakundearen finantzak «sano» daudela baieztatu du Kotte Ezenarro finantza eta fiskalitate lehendakari ordeak. Funtzionamendu gastuak «menperatuko» dituztela erran du, eta inbertsioei emanen dietela lehentasuna, horretarako mailegatzea lehenetsita. Martxoaren 29an bozkatuko dute aurrekontua.

Zenbakien aldetik iaz aurreikusitako inbertsioen %80 baino gehiago bete dutela erran du Ezenarrok, horietarik erdia baino gehiago autofinantzatua. 317,8 milioi euroko zorra du gaur egun hirigune elkargoak, %2 inguruko interes tasarekin. «Zorpetze tasa neurtua» dela adierazi du.

Nicole Etxamendi Itsasuko (Lapurdi) hautetsiak ontzat eman du aurrekontu aurreikuspena Bil Gaiten taldearen izenean: «Aurkeztu duzuenak osoki bat egiten du iaz eman genizkizuen gomendioekin. Gure aurreikuspenen zuzentasuna erakusten du». Aurrekontua aitzina ateratzeko zerga emendatzea kritikatu zuten iaz ezkerreko abertzaleek. «Hauteskundeetarako urtebete eskas dela, zergak emendatzea gaizki ikusia izanen zen», gaineratu du ironiaz Etxamendik.

Hala ere, elkargoko exekutiboaren gardentasun eskasa deitoratu du: «Non hartzen dira erabakiak? Zer bulegotan? Nola hautatuak dira lehentasunezko proiektuak?». Proposamenak aztertzeko tresnak eskatu ditu Etxamendik, eta beharrezkotzat jo du politika publikoen azterketa, bereziki lurraldeen arteko desoreka neurtzeko.

Aurrekontu orokorrean 50 milioi euroko inbertsioa aurreikusi izana gaitzetsi du Peio Etxeleku Bil Gaiten taldeko buruak, ez zaio nahikoa. «Heldu den agintalditik aitzina inbertsio maila hori ez da aski izanen Ipar Euskal Herriaren neurria eta anbizioa dituen lurralde baterako».

Finantzei buruzko informazioak eta elementuak eskas direla erratea gaitzetsi du Etxegaraik: «Exekutiboan behin baino gehiagotan landu dugu gaia, baita finantza batzordean ere». Elkargoak egindako politika publikoak defendatu ditu.

Zuberoako laborariei babesa

Elkargoaren biltzarrean mozio bat ere adostu dute behi tuberkulosia pairatu duten laborariei babesa adierazteko, eta protokoloak aldatu ditzatela eskatzeko. Izan ere, Zuberoan hil dituzten kabala gehienak sano zeudela erran dute. Horrez gain, laborariak laguntzeko «zinezko baliabideak» ezarri daitezela ere eskatu dute.

Izan ere, azken asteetan, tuberkulosiak jotako 11 behi saldo atzeman dituzte Zuberoan, 900 behi inguru. Horietarik lau saldotako behi guziak hiltzea erabaki zuen Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Guztira, 270 behi. Frantziako Estatuak aplikatutako protokoloa salatu dute Zuberoako hazleek.

 

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.