Skip to content

Europaren aitzinean ahots bakarrarekin mintzatzea defendatu dute Baionan

Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean elkarlana indartu, eta Europako Batasunaren aitzinean ahots bakarrarekin mintzatzeko beharraz aritu dira Baionan, Euskal Hirigune Elkargoak antolatutako mugaz gaindiko topaketetan. Euskal Herrian gobernatzen duten erakunde nagusienetako lehendakari eta ordezkariak mintzatu dira, mahai inguruan, orain arte egindakoaz, eta hemendik aitzina ikusten dituzten erronkez. «Asko daukagu egiteko, baina ni baikorra naiz», borobildu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Deszentralizazio gehiago, Europa gehiagorentzat. Izenburu hori emana zioten topaketetako mahai inguru nagusiari. Pradalesekin batera parte hartu dute, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko hautetsiak —Alain Rousset presidentea ordezkatu zuen—, eta Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidenteak. Alain Lamassourek gidatu du; Frantziako Europako Gaietarako eta Aurrekontuen Arloko ministro ohia da, diputatu eta Europako Parlamentuko diputatu izana.

Euskal Herrian mugaren bi aldeetara diren lurraldeak «hurbiltzea» aipatu du Etxegaraik parte hartzaileei harrera egin dienean; «muga administratiboak eta mentalak gainditzea», etorkizunean izanen diren erronkei erantzuteko. «Ez da bakarrik tokiko edo eskualdeko proiektu bat, Europakoa baizik». Euskal Elkargoko lehendakariaren hitzetan, «populismoaren gorakada kezkagarriaren aitzinean» erantzun bat izan daiteke Europako kooperazioa.

«Gure esku dago mugak aukera bihurtzea. Hala erakutsi dugu Europako parte honetan urteetan garatu dugun mugaz gaindiko lanarekin. Historia, kultura, ohiturak eta balioak partekatzen ditugu. Baita euskara ere, gure hizkuntza. Bat gara, eta horrela sentitzen gara»

IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Baina asmoen gainetik, elkarlan hori Euskal Herrian «errealitate» bat dela erran du. «Herri baten historia komuna dugu, muga administratiboen gainetik beti jakin duena elkarlanean aritzen. Horretan oinarritu behar dira gure politikak». II. mundu gerlatik gaur arte Europako Batasunaren eraikuntzan izandako gorabeherak eta «krisiak» aipatu ditu zailtasun modura. «Alta, erronka hoien aitzinean mugaz gaindiko elkarlanak irauten du».

Euskal Herriaren batasunetik mintzatu da Pradales bera ere. «Beti plazer bat da gure etxearen parte honetara etortzea». Azken urteetako elkarlana goraipatu du, hala nola, Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi euroeskualdearen bidez eramandakoa. «Gure esku dago mugak aukera bihurtzea. Hala erakutsi dugu Europako parte honetan urteetan garatu dugun mugaz gaindiko lanarekin. Historia, kultura, ohiturak eta balioak partekatzen ditugu. Baita euskara ere, gure hizkuntza. Bat gara, eta horrela sentitzen gara».

Nazioarteko politika aipatu du Pradalesek, eta kezka agertu du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzara iristeak izango dituen eraginekin. Horren aitzinean, Europako Batasunak «birkokatu» beharko duela iradoki du. «Ziurgabetasun testuinguru honetan, estaturik gabeko nazio eta mugako eskualdeek zeregin garrantzitsua dugu bizikidetza eta komunitate-zentzua sustatzen dituzten ekimen eta politikak gauzatzeko». Funtsezkotzat jo du elkarren arteko lankidetzan sakontzea, erakundeek ez ezik, lurralde osoko eragile eta elkarteek, «gure interes komunak» defendatzeko. «Munduko ordena berri honetan, Arku Atlantikoa osatzen dugun lurraldeek jokoz kanpo geratzeko arriskua dugu. Eta ez dugu onartuko. Asko dugu jokoan».

Erakundeen arteko asimetria

Urteak dira Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeak elkarlanean ari direla. Lamassourrek oroitarazi du 1995ean izenpetu zutela mugaz gaindiko ituna Baionan, Frantziako eta Espainiako Estatuen artean partaidetzak sustatzeko. Horren ondotik sortu ziren Baiona-Donostia eurohiria, eta baita Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi euroeskualdea ere. Hizkuntza politika arloan eta mugikortasunean babestu dituzten proiektuak goraipatu ditu Bergek, hala nola, Baiona eta Donostia arteko tren zerbitzua, eta baita Poctefa diru laguntzen kudeaketa ere. «Mugaz gaindiko bizi eremu bat osatu dugu».

Bergeren hitzetan, Europako Batasuneko populazioaren heren bat bizi da mugaldeko eremuetan, eta Europako Barne Produktu Gordinaren heren bat inguru sortzen da eremu horietan. «Europaren eraikuntzaren erdigunean gaude. Baditugu baliabide finantzararioak; badugu ekintzarako gaitasuna».

«Politika bat aitzina eramateko arazo legal bat baldin badago, mugaz bi aldeetara aldatu behar da legea. Gasteizen, legebiltzarra bildu eta berehala alda dezakete; guk Parisera jo behar dugu»

MATHIEU BERGE Akitania Berria eskualdeko hautetsia

Baina bi estatuetako administrazio sistemen arteko diferentziak sortzen dituen desorekak ere azpimarratu dituzte. Lasserrek eman du datua: Akitania Berria eskualdeak eta Euskal Autonomia Erkidegoak biztanle kopuru antzekoa dute, baina erakunde bakoitzak kudeatzen duen aitzinkonduaren aldea batetik hamabirakoa da, Eusko Jaurlaritzaren mesedetan. «Euskadik estatu baten ezaugarri guziak ditu, guk ez». Ohartarazi du Frantziako Estatuan tokian tokiko erakundeek ez dutela autonomia fiskalik. Ildo beretik jo du Bergek ere. «Araudi eta legedietan ditugu oztopoak. Politika bat aitzina eramateko arazo legal bat baldin badago, mugaz bi aldeetara aldatu behar da legea. Gasteizen, legebiltzarra bildu eta berehala alda dezakete; guk Parisera jo behar dugu». Hori errazteko Europatik koadro berriak iritsi litezkeela erran du. «Tresna juridiko berriak behar ditugu».

Orain dela urte batzuk Hendaiako (Lapurdi) geltoki berria estreinatzeko ekitaldia oroitu du Etxegaraik: «Euskal gobernua bakarrik ari zen, gu aldiz anitz ginen: bazen eskualdea, SNCF —tren zerbitzua kudeatzen duen enpresa—, Euskal  Elkargoko mugikortasun sindikatua. Ez da erraza gauzak aitzinarazteko. Frantzia aldean ez dator ez deszentralizaziorik ez diferentziaziorik. Gobernuak tarteka halako legeak aurkezten ditu, baina ez du inolako aldaketarik ekartzen», deitoratu du. Lasserre: «Deszentralizazio eskasak eragiten du gure politiketan. Badugu zinezko indar politiko bat egiteko Frantzia mailan, egin beharko genukeenaren kontrako bidea hartu baitugu azken 30 urteetan».

«Gai gara elkarlanean aritzeko, eta anbizioa dugu gehiago egiteko. Sendotasuna behar dugu»

EIDER MENDOZA Gipuzkoako Ahaldun Nagusia

Deszentralizazio gehiagorekin errazagoa izanen litzatekeela zalantzan eman du Lamassourrek. «Lehendakariak [Pradalesek] muga imaginarioak aipatu ditu lehen. Bidasoa ez da gehiago muga bat eta eskerrak, baina gaur egun mugak burokratikoak dira. Deszentralizatuagoak bagina errazagoa litzateke? Ez du zertan, burokrazia leku guzietan baitago». Mendoza: «Gai gara elkarlanean aritzeko, eta anbizioa dugu gehiago egiteko. Sendotasuna behar dugu». Ez du ukatu burokrazia frenu bat izan daitekeenik, baina gainditu daitekeela erran du. «Erakundeak gaude zailtasun hoiei aurre egiteko, eta herritarrek ere aurrea hartzen digute». Korrika eta Euskaraldia hartu ditu eredu gisa.

Lobby lana

Non eragin behar da, Europan ala hemen? Hala galdetu du Lasserrek, eta erran du, bere ustez, gaiaren arabera erabaki behar dela perimetroa. «Hainbat gai aipatu ditugu gure erakundeak gainditzen dituztenak. Ingurumen gaia, immigrazioaren gaia… Estatu bakoitzaren erabakiek sekulako eragina dute». Adimen artifizialaren gaia ere aipatu du: «Gure erakunde bakar batek ere ez du pisurik izango gai hoiei buruz. Europan jokatuko da». Kontrako iritzia agertu du Mendozak, duela gutxi gai horri buruz Parisen izan ziren topaketa batzuen berri emanez, eta esplikatu du Gipuzkoak laguntzak eman dituela arlo horretan proiektuak garatzeko. «Foru Aldundiak baditu baliabideak, gure funtzioa hori da. Abertzalea naiz, sinesten dut gure herrian, aurrera jarraitu behar dugu».

Mendozak argi du: «Europa gehiago behar dugu». Baina estaturik gabeko nazioek bertan izan behar duten lekua ere defendatu du, eta Bruselara elkarrekin joatea defendatu du. Mezu hori eman du Pradalesek ere. Haren hitzetan, Europan «kezkaz» bizitzen ari dira momentu geopolitikoa. «Orain da momentua Bruselan lobby lana egiteko, birdefinizio baten aurrean gaudelako. Beharra dugu integrazio eta batasun maila gehiago lortzeko». Elkalana indartzeko beharrezkotzat jo dituzten tresna juridiko berriak bide horretatik iritsi litezkeela iradoki du. Ollo eta Etxegarai ere ados agertu dira ahots bakarrarekin aritzeko.

Ardatz atlantikoan jarri du azpimarra Pradalesek, eta makroeskualde atlantikoa defendatu du. «Hori da Europan balio duen eskala; hori indartu behar dugu. Onuragarria izanen da denentzat». Bruselaren aurrean aliatuak bilatzeko aukera ere aipatu du. «Badira gurea bezalako lurraldeak eta errealitate poltiikoak. Aprobetxa dezagun momentua. Gure ahotsa entzunarazi, eta gure interesak defendatu beharko ditugu».

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.