Skip to content

«Eskola batek eta gela batek badute giro berezi bat, ospitale batera sartzen zarenean bezalakoa»

Uztail hasieran, Menane Oxandabaratzek, Herria astekariko idazleburu ohiak, lekukoa pasatu zion Ainhoa Etxenikeri (Senpere, 2004). Egunak Uztaritzen hasten ditu Herria-ko bulegoan astekaria osatzen, eta Orion (Gipuzkoa) finitzen ditu, traineruan entrenatzeko, arraunean ari baita. Eskolafobia sufritu zuen lizeo garaian, eta esplikatu du bere beldurragatik «abandonatua» sentitu zela. Bere lanaren eta kirolaren artekoa erraza ez dela aipatu du, eta eskolari zion beldurra oroitu du.

Iazko uztailean Menane Oxanbaratzek lekukoa pasatu zizun Herria-n, eta orain zu zara astekariko idazleburua. Nola pasatu dira sei hilabete hauek?

Uste nuen baino hobeki. Hasieran estresatua nintzen, biziki. Sei hilabete pasatu nituen Menanerekin, lanbidea irakatsi zidan, eta Herria-ren funtzionamendua esplikatu. Uztailaren 1a izan zen nire lehen eguna bakarrik, astelehena zen, eta astelehena da gure egun potoloena. Baina azkenean ongi iragan zen. Gainera, Menane beti hemen dut, zerbait behar badut deitzen dut edo mezu bat uzten diot, eta segituan erantzuten dit. Orain biziki kontent naiz. Esperientzia ederra da.

20 urte dituzu, eta astekari baten idazleburua zara. Adinari lotuak diren zailtasunak dituzu?

Bai. Batzuetan ideiak falta ditut. Baina Menaneri erraten diot, eta hark ere xerkatzen ditu ideiak, eta lista bat egiten dugu. Halere, antolaketa aldetik ez dut arazo berezirik; nire erritmoa atzeman dut. Beraz, ongi.

Kazetaritza Euskaraz trebakuntzaren bidez hasi zinen astekarian lan egiten, alternantzian. Baina ezin izan zenuen segitu, eskolaren fobiagatik. Halere, erabaki zenuen lanean segituko zenuela. Zer da eskolaren fobia?

Ez dakit oraindik eskolaren fobiarik dudan, aspaldian ez bainaiz eskolara itzuli. Baina, funtsean, ikasgelaren beldurra dut. Niretzat eskola batek eta gela batek badute giro berezi bat, pixka bat ospitale batera sartzen zarenean bezalakoa, bada usain eta giro bitxi bat. Ez zara eroso sentitzen. Eta nik hori dut eskolarekin. Fisikoki ez dut lortzen leku horietara sartzea, antsietate krisiak egiten ditut, ezin dut arnastu, dardarka ari naiz… Beldurra, fisikoa dut.

Nondik jin zitzaizun beldurra? Zein da iturria?

Zehazki noiz hasi zen ez dakit. Betidanik eskolarekiko deserosotasun bat ukan dut. Baina lizeoan nintzelarik garatu zitzaidan zinezko fobia. Faktore anitz izan ziren. Lehenean nintzelarik, geroz eta okerrago sentitzen hasi nintzen lizeora joaterakoan. Horrez gain, lizeoan lan anitz bagenuen, eta eskolatik kanpo lan anitz egiten nuen, eta buru hartze anitz nituen. Horri gehitu zitzaion irakasle batzuekin harreman txarra ukan nuela. Hori guztia metatu zen, eta fisikoki gaizki izaten hasi nintzen, beldurra obsesionala bilakatzen hasi zen. Hasieran ez nion nehori aipatu, uste bainuen normala zela horrela sentitzea.

Gertakari batek piztu zizun beldurra?

Egun batez, frantseseko irakasleak frantses baxoko ahozko zuria aipatu zuen, eta ohartu nintzen ez nintzela batere prest, eta negarrez hasi nintzen. Gelatik atera nintzen. Geroztik, ez nintzen sekula lizeora itzuli. Hortik aitzina hasi zen amesgaiztoa. Lizeoa gelditu nuen, eta nire irakasleen berririk ez nuen ukan. Frantses baxorako dena nire kabuz ikasi nuen; ulertu nuen ez nuela laguntzarik ukanen. Abandonatua sentitu nintzen. Ezagutzen ez nuen lizeo batean pasatu behar genuen ahozkoa, amak eraman ninduen, eta nire biziko lehen antsietate krisia egin nuen autoan; dardarka ari nintzen, ezin nintzen autotik atera. Egoitzara sartu eta beste krisi bat egin nuen, beste bat, eta beste bat… Kostatu zitzaidan, baina lortu nuen. Terminala osoki etxetik egin nuen. Hori ere oso zaila izan zen: nahiz eta etxetik lan egin, azterketak lizeoko gela batean pasatu behar izan nituen; orotara, hamabi.

Ezezaguna den fobia bat da.

Biziki zaila da. Bakarrik eta abandonatua sentitu nintzen. Hasieran nire ingurukoek ez ninduten sinesten; uste zuten alferkeria zela edo lizeoa ez nuela gogoko, baina hori baino askoz azkarragoa zen. Uste nuen bakarra nintzela egoera horretan. Gainera, nire inguruko gazte guztiak ikusten nituen lizeoko garaiak gozatzen, maitatzen. Ez nuen ulertzen.

Eskolatik kanpo, arraunean aritzen zinen, eta segitzen duzu. Egunak Uztaritzen hasten dituzu, Herria-ren bulegoan, eta Orion bukatzen dituzu ontzi baten gainean, arraunlaria ere baitzara. Nola kudeatzen dituzu lana eta arrauna?

Udan da zailena, astean sei aldiz ditugulako entrenamenduak. Urtean zehar lasaiagoa da, eta orduan entrenamenduak Donibane Lohizunen egiten ahal ditut, Urjoko elkartean. Baina, bai, udan konplikatuagoa eta nekagarriagoa da. Uztaritzen lana finitu, eta segituan autora sartu eta oren bateko bidea egiten dut Orioraino.

«Aurten nire lekua lortu dut Orion, eta desberdinki bizi dut. Horrek mentalki indartu nau, bai arraunean baina baita eguneroko bizian ere. Eta hurrengo sasoiari begira, biziki ongi sentitzen naiz»

Nola jin zitzaizun arrauna egiteko gogoa?

Anaia hasi zen, Donibane Lohizuneko arraun eskolan, eta haren lehiaketa bat ikustera joan nintzen burasoekin. Ez dakit nola esplikatu; ikustearekin, bat-batean maitemindu nintzen. Banekien arrauna maitatuko nuela. Saiatu nintzen, eta segituan maitatu nuen. Lapurdiko arraun taldean aritu naiz gero, eta 2022an [Gipuzkoa] Hernanira joan nintzen. 2023an Orioko taldekoek deitu ninduten, eta hara joan nintzen. Aurten ere han ari naiz.

ainhoa etxenike
Ainhoa Etxenike, Orioko arraun taldearen barkuan arraunean, iazko udan. HITZA
Bigarren mailatik lehenera pasatu zinen Orioko taldean integratu zinelarik. Lehen urtea nola pasatu zen?

Zaila izan zen fisikoki, bigarren mailatik lehenera pasatzea aldaketa handia delako, baina mentalki ere zaila izan zen. Antsietate handia ukan nuen; taldeko gazteena nintzen, berria nintzen eta ez nuen nehor ezagutzen. Presioaren aldetik ere desberdina zen. Sasoiko estropada guzietara joan behar izan nuen, baina hiru aldiz baizik ez nuen arraun egin. Orotara hamabost bat estropada izan ziren. Hori zaila izan zen.

2024ko sasoia hobeki joan zen, ezta?

Bai, iazkoa hastean, titularra bilakatu nintzen, eta estropada guztietan egin nuen arraun. Horrek bizia aldatu dit. Orain, gibeltasuna hartu dudanez, kontent naiz ordezko egon izana lehen urtean, orain egiten ditudan lehiaketa guztiak gozatzen baititut. Aurten nire lekua lortu dut, eta desberdinki bizi dut. Horrek mentalki indartu nau, bai arraunean baina baita eguneroko bizian ere. Eta hurrengo sasoiari begira, biziki ongi sentitzen naiz. Espero dut estropada batzuk irabaziko ditugula. Iaz ez genuen bakar bat ere irabazi…

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.