Skip to content

Emisio gutxiko eremua ekainaren 1ean sartuko da indarrean Lapurdi kostaldean

Emisio gutxiko eremua ezartzea berretsi du Euskal Hirigune Elkargoak, larunbat goiz honetan egin duten biltzarrean. Ekainaren 1etik aitzina sartuko da indarrean. Goizeko 6:00etatik arratseko 20:00ak arte balioko du, «tenore horretan baita zirkulazio gehien», Jean François Irigoien elkargoko mugikortasun lehendakari ordeak azaldu duenez. Hainbat ibilgailu eta lanbiderentzat salbuespenak onartu dituzte elkargoko hautetsiek, eta laguntza dispositibo bat emanen dutela ere erran dute. 96 hautetsik bozkatu dute alde, 47k kontra, eta 64 abstenitu dira.

Irailean bozkatu zuten neurriaren alde elkargoan, eta herritarren kontsulta egin ondotik, erabakia berretsi dute. Lapurdiko 27 herriko eremua definitu zuen Frantziako Gobernuak iazko martxoan: Bokale, Urketa, Larresoro eta Hendaia artean. Haatik, autopista eremutik kanpo izanen da. Debekua 2000. urte aurreko gasolio ibilgailuek eta sailkatu gabekoek izanen dute.

Martine Bisauta Klima trantsiziorako lehendakariordeak argitu du Klima eta Erresilientzia Legeak behartzen dituela emisio gutxiko eremu bat ezartzera. «Aire garbi bat arnasteko herritarren eskubidea» aldarrikatu du. Ohartarazi du ibilgailuen %4 baizik ez dagokiela debekua.

Kritiko mintzatu dira haatik beste hautetsi batzuk, horien artean Guillaume Barucq Miarritzeko (Lapurdi) hautetsi eta medikua. Emisio gutxiko eremua zalantzan jarri ez badu ere, hainbat «kontradikzio» azpimarratu ditu. «Arazoa ez dira autoak, horiekin egiten den erabilpena baizik». Herritar xumeenek pairatuko dutela erran du. Hori saihesteko «laguntza handiak» ezartzeko galdetu du Michel Esteban Baionako hautetsiak. Kasu bakoitzak «banaka» aztertuko dutela erran du Bisautak.

«Auto kutsakorrak kendu nahi dituztela diote, baina noiz kenduko dituzte kamioiak eta hegazkinak? Bien arten gaude hemen, autopistaren eta aireportuaren artea»

CAROLINE DORILLE Herritarra

«Inkoherentziak» agertu ditu Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapezak ere: «Gure herria autopista, aireportua eta merkantzia portuaren artean dago». Eremu horietako kutsadura emisioa azpimarratu du. «Ez ote dira gutaz trufatzen ari?». Elkargoan neurria konpentsatzeko diru laguntzak bozkatu behar izatea gaitzetsi du. Kontra bozkatuko zuela erran du.

Desados agertu da Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapeza ere. «Hego Euskal Herrian hiri erdiguneetan ezarriko dute neurria, eta erdiguneetan bakarrik». Beste arlo batzuetan bezala, Euskal Elkargoak «diferentziazioa» eskatu beharko litzatekeela erran du. «Geldi gaitezen arauekin herritarrak izorratzen».

Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) auzapez eta Bil Gaiten talde politikoko kideak «Frantziako Estatuak inposatutako» neurria dela eta «zentzugabekeria» anitz dituela erran du, hala nola, autopista eremutik kanpo uztea. Hala ere, oroitarazi du trantsizio klimatikoaren aldeko neurriak hartzea onartu zuela elkargoak, eta «arduraz» neurriaren alde bozkatzera deitu du, «osasun publikoaren aldeko neurria» dela adierazita.

«Inolako eztabaidarik gabe»

Kanpoaldean protesta egin du herritar talde batek, emisio gutxiko eremuaren kontrako pankartak eskuetan zituztela, eta biltzarrera ere sartu dira kexa adieraztera. Salatu dute «inolako eztabaidarik gabe» hartu dutela erabakia, eta baliabide ekonomiko apalak dituztenei eraginen diela gehien. Caroline Dorille miarriztarrak bultzatu du protesta, eta egun gutxian «ehunka» pertsonaren babesa jaso duela erran du. «Elkartasuna adierazi behar diegu kaltetuak izanen direnei». Zenbait moto-zale elkarte ere batu dira mobilizaziora.

Emisio gutxiko eremua ezartzeko zabaldu den argudio ekologikoa zalantzan ezarri du Dorillek. «Auto kutsakorrak kendu nahi dituztela diote, baina noiz kenduko dituzte kamioiak eta hegazkinak? Bien arten gaude hemen, autopistaren eta aireportuaren artean», salatu du. «Aberatsenak auto elektrikoekin ibiliko dira, baina nola eginen dute haien etxea garbitzera joaten direnek, haien zerbitzura ari diren langileek?».

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.