Historikoki eskuin muturraren diskurtsoa izan da delinkuentzia eta immigrazioa lotzea. Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetak bere egin du ideia hori Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan egin duen agerraldian, eta atzerritarrei egotzi die Lapurdi kostaldean izan den delinkuentziaren gorakada. Mugako kontrolak indartzeko borondatea agertu du.
Prefeturaren datuak dira: 2024.urtean, 5.264 atzerritar atxilotu zituzten departamenduan, Frantziako eta Espainiako Estatuen arteko mugan. Urte batetik bestera gorakada nabarmena izan dela erran du prefetak: 160 pertsona atxilotu zituzten 2024ko urtarrilean, eta 680 aurtengo urtarrilean. Legezko paperik gabe atxilotzen dituzten atzerritarrei dagokie datua. Ez du zehaztu zenbat izan diren Euskal Herrian, eta zenbat Biarnon.
Ici Pays Basque irratian egin dioten elkarrizketan, gorakada horrek delikuentzian eragina duela erran du prefetak. Lapurdiko kostaldeko datuak eman ditu, delinkuntziaren gorakada izan dela adierazteko, eta immigrazioarekin lotu du gorakada hori. Bere hitzetan, urtarrilean izan diren delituen erdiak atzerritarrek eginak izan dira. «Frantzia guzian atzerritarren delinkuentziaren gorakada antzematen dugu».
Pausako harrera, bikoiztua
Bordeleko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman zion joan den astean Euskal Hirigune Elkargoari, eta Frantziako Estatua zigortu zuen 836.740 euro ordaintzera. Baionan kokatua den migranteentzako Pausa zentroaren kudeaketari lotua da epaia. Auzitegiak ebatzi du zentroa irekitzean estatuak utzitako hutsunea bete behar izan zuela elkargoak.
Oraindik erabaki ez badute ere, auzia Frantziako Estatu Kontseilura joanen dela iradoki du prefetak. Urte bakarrean Pausa zentroan harrera egiten zaien pertsonen kopurua bikoiztu dela ohartarazi du, iristen diren pertsonak haien jatorriaren arabera sailkatuz. «Inportantea da babes beharra dutenak Frantziak babestu ditzan; gure ohorea da, asilo eskubidea da. Haatik, ikusten dudana da iristen direnak ez direla kongoarrak, sudandarrak edo afganistarrak, hau da, gehien babestuak direnak. Iristen direnak nagusiki algeriarrak, marokoarrak edo ginearrak dira. Gaur egun baita indiarrak eta pakistandarrak ere. Denak ez dira asiloa eskatzera heldu».
Ukrainiako gerraren ondorioz babesa eman zaien pertsonak ere aipatu ditu prefetak. Ipar Euskal Herrian 350 ukrainar ingururi egin zaie harrera.