«Lotsagarria eta gizatasunik gabea». Hitz horiekin salatu dute joan den ostegunean Frantziako Poliziak migranteen kontra Baionan egin zuen operazioa. Pausa harrera lekuaren eta autobus geltoki batean aitzinean egin zuten operazioa, eta gutxienez dozena bat pertsona atxilotu zituzten, baita adingabeak ere. Hamazazpi eragile politiko, sozial eta sindikalek egin dute salaketa, horien artean EH Bai, EELV, LAB, FSU, Bizi, Etorkinekin Diakite eta Irungo Harrera Sareak.
Protesta antolatua zuten ostegunean, Donapaleun (Nafarroa Beherea) eta Baionan, estatuen migrazio politiken ondorioz mugak pasatu nahian hildako pertsonak omentzeko asmoz. Izan ere, orain dela hamar urte gertatu zen Tarajal hondartzako sarraskia Espainia hegoaldean: hamabost migrante hil ziren Guardia Zibilak jaurtikitako gomazko pilota zaparrada baten azpian Tarajal hondartzara iristen saiatzen ari zirenean.
Salaketa egin duten eragileen hitzetan, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua polizia operazioa egiteko. Egun «sinboliko» hori eta migratzaileen harrerarako eta zirkulazio askatasunerako «ezinbestekoak» diren leku horiek hautatu izana leporatu diote. «Operazio lotsagarri hau gogorki salatzen dugu eta erantzukizuna eskatzen diegu agintari arduradunei», adierazi dute oharrean.
«Ekintza errepresibo» hori eragile horiek defenditzen dituzten «jendetasun eta duintasuna balioen» kontrakoa dela erran dute. «Aterpea eta etorkizun segurua bilatzen dutenen aurkako jazarpen sistematikoaren politika erakusten du berriz ere. Ez gara isilduko! Gizatasunik gabeko pratika hauekin berehala bukatzea exijitzen dugu».
Urtarril bukaeran, Baionako Auzitegira deitu zituzten zazpi pertsona iazko Korrikan migranteak muga pasatzen laguntzea egotzita, baina auzia urriaren 7ra gibelatu zuten. Orduan, Pirinio Atlantikoetako prefeturak jarri zuen salaketa. 3.513 herritarrek erruduntzat jo dute beren burua auzipetuen sostenguz.