Skip to content

Mendia kudeatzeko «hostopil burokratikoa»

Mugaz Gaindiko Topaketak egin zituzten iragan astean Baionan. Kari horretara, mendialdea kudeatzeko tresnei buruzko hitzaldia egin zuten hilaren 12an, eta, oro har, ordezkari instituzionalek deitoratu zuten «hostopil burokratikoa» badela mugaz gaindiko lankidetzan aritzeko. 2021ean Larhunen gertatu zen sutearen ondorioz, elkarlana abiatu zuten Iparraldeko mendialdeko auzapezek, eta Eskualdeko Parke Naturala (EPN) martxan jarri zuten Euskal Hirigune Elkargoaren bidez. Espero dute Europak bidea erraztuko diela mugaz gaindiko kudeaketa egiteko. Guillaume Corradino Euromontanako zuzendaria, Olivier Baudelet Europako Batzordeko ordezkaria, Aitor Elexpuru Berako auzapeza (Nafarroa), Rosa Maria Canals agronomoa eta biosfera aditua, Battit Laborde Sarako auzapez eta EPN proiektuaren lehendakaria, Arantxa Arregi Doneztebeko auzapeza (Nafarroa), Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapenerako kontseilaria eta Matthieu Cruege Ariegeko EPNaren zuzendaria mintzatu ziren kudeaketa eredu berriak sortzeko beharraz. 

Elexpuruk uste du Euskal Herriko mendi katea «elkargune» bat dela, bai kabalentzat, baita jendeentzat ere. «Muga hitza ez zaigu aipatzea gustatzen. Guretako mendia oinarri bat da, eta elkarrekin zaindu behar dugu», erran du. Haren ustez, herrien arteko harremana «pertsonek egiten» dute, eta inportantetzat jo du lankidetza hori «legez blindatu» ahal izatea. Horrek proiektuari egonkortasuna emanen lioke, Arantxa Arregiren arabera: «Politikariok bagoaz, baina herritarrak geratzen dira, eta gauzak egonkortu behar dira». Baina egonkortze horretarako bidean, administratiboki gauzak erraztu behar zaizkiela uste dute denek. «Pentsa zenbat administrazio sartzen diren lauzpabost kilometroko tarte batean!», salatu du Elexpuruk. 

Biosfera eta parke naturala

Ipar Euskal Herrian, lankidetza horren eramateko, EPNren bidea hartu dute hautetsiek Euskal Hirigune Elkargoaren bidez; oraingoz, ez da mugaz gaindikoa. Halere, oztopoei erantzuteko tresna eraginkorra izanen dela iritzi diote. Labordek 2021eko Larhungo sutea eman du adibide gisa: suteen ondotik, idorte handiak izan ziren, eta Pirinio Atlantikoetako prefeturak Larhun hesteko neurriak hartu zituen, baina Nafarroako Gobernuak ez zuen horren berri izan, eta, gainera, ez du neurri horiek hartzeko konpetentziarik. Canals agronomoaren ustez, Unescoren konpetentzia den biosfera kontzeptuak lagun dezake euskal mendialdearen kasua, baina erran du horretarako «behetik gorako» galdea behar dela.

Agerikoa da mendialdearen kudeaketak erronka anitz dituela. Ingurumenaren eta naturaren zaintza bermatu behar dute instituzioek, baita bertan egiten den laborantza ereduaren sostengua ere, eta turismo jardueren kudeaketa ere bai. Alta, hiru jarduera horien beharrak kontrajarriak izaten ahal dira batzuetan, eta horri nola erantzun aztertu nahi dute EPNren bidez. Ariege (Okzitania) eskualdean gisa horretako gobernantza bat eratua dute duela hogei bat urte, eta, gainera, Kataluniako Gobernua eta Andorrakoa ere sartzen dira proiektuan. Eredu bat izan daitekeela uste dute Euskal Herriko hautetsiek. Mathieu Cruege Ariegeko EPNko lehendakariak adierazi du EPN «tresna inklusiboa» dela eta «eztabaidak bermatzeko» balio duela, nahiz eta ez duten beti aterabiderik atzematen. «Bistan da tentsioak badirela, baina logika da elkarbizitza sustatzea», trenkatu du Cruegek.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.