Skip to content

80 milioi euro banatuko dituzte POCTEFA diru laguntzen bigarren deialdian

Europako POCTEFA diru laguntzen bigarren deialdia aurkeztu dute Baionan, Akitania Berria eskualdeak eta Pirinio Atlantikoetako departamenduak. Frantziako eta Espainiako Estatuko mugaldeko eremuetan mugaz gaindiko proiektuak laguntzeko helburuarekin, 80 milioi euro banatuko dituzte. Apirilaren 22ra arteko epea dago proiektuak aurkezteko. «Jadanik hasiak gara proiektu eramaileekin biltzen, dituzten egitasmoak ezagutzeko», jakinarazi du Mathieu Berge Akitania Berriko hautetsiak.

Hiru arlo nagusitako proiektuak lagunduko ditu POCTEFAk. Ezagutza eta berrikuntza arlokoentzat 22,5 milioi aurreikusi dituzte, eta ingurumen arlokoentzat 23,5 milioi. «Lehen aldia da ekologiari esleitzen zaiola zama handiena», azpimarratu du Bergek. 

Europa sozialago bat eraikitzea du helburua azken eremuak; hiru arlo lagunduko dituzte: enplegurako irisgarritasuna (7 milioi), inklusio soziala (6,7 milio) eta turismoa eta kultura (17 milioi).

Lau milioi txikientzat

Berritasun bat ere izanen du aurtengo proiektu deialdiak: 200.000 euro baino aurrekontu apalagoa duten «proiektu txikiak» ere babestuko dituzte lehen aldiz. Lau milioi euro gorde dituzte horretarako. Proiektu deialdi nagusiaren sail berak izanen ditu honek ere. 

Azken urteetan ohartu dira deialdi guzietara eragile berak aurkezten zirela, esplikatu du Bergek. «Badu alde baikor bat: proiektuak gero eta zehatzagoak dira, eta baita gero eta indartsuagoak ere». Suhiltzaileen adibidea eman du: lehen deialdian, elkarlanean aritzen ikasteko proiektua aurkeztu zuten; azken deialdian haatik, mugaz gaindiko kaserna bat antolatzeko deialdia. 

Baina alde ezkorra ere bada: «ingeneritza eta altxor handia» eskatzen ditu halako deialdi batean aurkezteak, proiektu eramaileek aurreratu behar dutelako aurrekontuaren zati handi bat. Horrek deialditik kanpo uzten ditu eragile txikiak. «Proiektu txikien deialdiarekin, elkarte munduko eragile andana hurbildu zaigu», poztu da Berge.

Euskal Herriko proiektuak

Iazko maiatzean 14,8 milioi euroko deialdia aurkeztu zuten POCTEFAren bidez Euskal Herriko «proiektu egituratzaileak» sustatzeko. Heldu den martxoaren 20an aurkeztuko dituzte hautatutako proiektuak Iruñean.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.